ATTAC Nafarroaren manifestua Nafarroako Banku Publikoaren Alde
2017ko urria
Espainiako Konstituzioaren 128. artikuluak honako hau dio:
-
Herriaren aberastasun guztia, horren formak eta titulartasuna edozein motatakoak izanik, interes orokorraren menpe dago.
-
Jarduera ekonomikoan, ekimen publikoa aitortzen da. Legearen bitartez sektore publikoari oinarrizko baliabide edo zerbitzuak erreserba dakizkioke, batez ere, monopolio-kasuetan; era berean, enpresen gaineko esku-hartzea erabaki daiteke, interes orokorraren arabera hori beharrezkoa denean.
Espainiako Konstituzioaren artikulu horretan oinarriturik, eta azken urteetako egoera ekonomikoa eta finantzarioa kontuan harturik (bankuen sektore pribatua diru publikoarekin erreskatatzea 40.000 milioi euro kosta zaie herritarrei, eta ez dute zenbateko hori berreskuratuko) ATTAC – Nafarroak adierazpen hau ateratzen du jendaurrera:
MANIFESTUA
-
Espainiako Konstituzioak ekimen publikoa aitortzen du oinarrizko zerbitzuak emateko.
-
Zalantzarik gabe, finantza zerbitzuak oinarrizko zerbitzuak dira ekonomia ongi ibil dadin eta estatu garatuen bizitza soziala garatzeko.
-
Finantza erakunde pribatuek ederki erakutsi dute ez direla gai bermatzeko ez haien eraginkortasun ekonomikoa, ez utzi zaizkien aurrezkien segurtasuna. Bestalde, maiz ikusi ditugu erakunde horien kudeaketa txarra eta, bereziki, jardunbide desegokiak, gehiegikeriak ugalduz herritarren eta finantza zerbitzuen erabiltzaileen eskubideei buruz.
-
Finantza erakunde pribatuek, akziodunentzat errentabilitate handiena lehenesten baitute, baztertzen dute jende asko eta askori oinarrizko zerbitzuak ematea (bereziki, kredituak eta/edo ordaintzeko tresnak ukatuz).
-
Nafarroako Foru Komunitatean, bost finantza erakunde pribatuk biltzen dute bankuen negozioaren % 89. Beraz, garbi dago oligopoliorako joera; gainera, batek bakarrak ditu Nafarroan erabakiguneak eta egoitza (ondorio fiskaletarako).
-
Nafarroako Kutxa Banku Fundazioak, Foru Komunitatearen patronatukoa baita, 200 milioi dauzka akzioetan entitate pribatu batean (Caixabank SA).
-
Horregatik, ATTAC NAFARROAk ESKATZEN DIO Nafarroako Gobernuari, sor dezala Nafarroako Banku Publikoa, ondoko ezaugarriak izanen dituena:
-
Zerbitzu publikoa emateko beharkizuna eta irabazi-asmorik eza.
-
Kontu korronte bat eta ordaintzeko tresnak izateko bermea, horrelakorik eskatzen duen Nafarroako herritar guztientzat.
-
Aurreztaile eta inbertsiogileen gordailuei kaudimen berme handiagoa erantsiko diena, banku pribatuek azken urteetan izan dutena baino.
-
Gizarte aurreratu baten funtsezko eragiketei bide emanen diena: helbideratzeak, zordunketa-txartelak eta kutxazainen zerbitzuetarako sarbidea. Hori dena merke edo doan.
-
Nafarroako erakunde publikoen operatiba kudeatzeko erreferentziazko finantza erakundea izanen dena (diru-bilketa, arlo publikoko langileen soldaten ordainketa, eremu publikoaren gordailuak eta finantzaketa, eta abar).
-
Kudeaketa demokratikoa, gardena eta etikoa izan dezala.
-
Irabaziak jarduera sozialetan sartzea edo haren kapitalizazioan eta kaudimena segurtatzean.
-
Errentabilitate ekonomikoa baino, jardueren errentabilitate soziala bilatzea. Horrek ez du esan nahi banku honek banku pribatuek baztertzen dituzten proiektuak nahitaez onartu behar dituenik, ezta galerak aurreikusten diren finantzazio proiektuak onetsi behar dituenik ere.
-
Administrazio publikoen finantzaketa erraztea, arlo pribatuarenak baino baldintza hobeetan, pribatuak akziodunen errentabilitatea baitu xede.
-
Bertako langileen duintasuna bermatuko duen soldaten gaineko politika bat izatea, bai goi mailakoak, bai behe mailakoak eta, bereziki, bien arteko ratio egokia ezartzea.
-
Foru Parlamentuak proposaturik, Nafarroako Gobernuak izendatutako administrazio kontseilu bat izatea. Finantza arloan izen ona eta jardun profesional luzea duten bederatzi pertsonak izan beharko dute.
-
Gaitasun, merezimendu eta berdintasun printzipioetan oinarritutako kontrazio politika bat ezartzea, soldata duinekin, lehiakorrak baina muga bat dutenak.
-
Beste banku publiko batzuekin lankidetza hitzarmenak sinatzea, bezeroei beste erkidego eta herrialdeetan zerbitzuak emateko, eta tamainarekin lotutako sinergiak egoki erabiltzeko, hala nola bulego sarea, informatikako sistemak, eta abar.
-
Banku elektronikoaren tresna guztiak erabiltzea kostuak optimizatzeko, baita banku pribatu ohikoek izan ohi dituzten antolamenduaren eta eraikinen egitura astunei eusteko behartua ez egoteko ere.
-
-
Nafarroako Banku Publikoa eratzeko kapital ekarpena Caixabankeko azkioak berreskuratzetik etor daiteke, eta Nafarroako aurrekontuetatik urtero ekarpenak eginez.
-
Nafarroako Banku Publikoa izateak erraztu behar du herritarrek berenganatzea finantza jardunbide egokiak eta, bide horri jarraikiz, Nafarroan diharduten finantza erakunde pribatuei ere berdin jokatzeko eskatzea.
0 Comments